Gibeleko minbizia diagnostikatzeko aukera, odol-analisi baten bidez

Guipúzcoa - 07/11/2018

Hepatology agerkariak, gibelari buruzko munduko aldizkari espezializatu garrantzitsuenak, behazun-minbizia diagnostikatzeko ikerketa-proiektuan lortutako azken aurrerapena argitaratu du berriki. Ikerketa Biodonostiako Jesús Bañales doktoreak zuzendua da, eta AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak finantzatua. Odoleko hainbat biomarkagailu identifikatu dituzte, diagnostiko goiztiarra hobetzeko eta gibeleko bi minbizi-azpitipo bereizteko: kolangiokartzinoma eta hepatokartzinoma. Bi tumore horiek ez dira oso ohikoak, baina pronostiko oso txarra izaten dute, isilean handitzen baitira eta, detektatzean, beranduegi izaten baita kirurgikoki erauzteko.

Proiektuak urtebete egin du eta emaitza itxaropentsuak eman ditu; hori horrela, azken hilabeteotan bi argitalpen egin dituzte espezializatutako aldizkari entzutetsu horretan. Ikerketan aurkitu dutenez, hautatutako molekulen sentikortasuna eta espezifizitatea handiagoak dira gaur egun erabiltzen diren markagailuetan baino; hori dela eta, baliteke erreminta berri horrek balio handia izatea, patologia horien diagnostiko goiztiarrerako metodo ez-inbaditzaile gisa. Jesús Bañales doktorearen hitzetan, «gehiago findu dugu metabolitoetan eta patroi metaboliko bat identifikatu dugu serumean, modu fidagarriagoan diagnostikatu ahal izateko kolangiokartzinoma duten pazienteak; halaber, bi tumore moten artean bereizketa egitea lortu dugu, biopsiarik egin beharrik gabe, gaur egun oraindik azken hori baita modurik fidagarrietan detekziorako eta bereizketa egiteko». 

Horretarako, biopsia egindako eta tumore motak bereizitako pazienteen analisi independenteak hartu dira oinarri, eta, serumeko metaboloma odol-laginean aztertu ondoren, profil espezifiko bat aurkitu dute, bi tumore motak probabilitate handiz desberdintzeko aukera ematen duena. «Kasu bakoitzeko trataera desberdina da, eta baliteke, biopsia egin ezean, modu desegokian tratatzea eta ez asmatzea tumore mota hori duten pazienteen kasuan», gaineratu du Bañalesek. Metodo berriari esker, biopsia egiteko kirurgia saihesten da, eta, ondorioz, baita arriskuak eta kontrako efektu posibleak ere.

Ikerketa Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak finantzatu du osorik (300.000 euro orotara), eta Jesús Bañales Biodonostiako doktorea ari da koordinazio-lanetan, CIBEREHDeko beste hiru ikertalderen partaidetzarekin (horien artean, José Juan García Marín, Salamancako Unibertsitatekoa; María Luz Martínez-Chantar, CICBiogunekoa; eta Matías Ávila Zaragoza, CIMA – Nafarroako Unibertsitatekoa).

Ikerketak Kolangiokartzinoma Aztertzeko Europako Sarearen (ENSCCA) babesa du. Esandako sarea 13 herrialdetako 40 zentrok osatzen dute.  Ikerketa honetan lortutako datuak oinarri hartuta, eta  Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak finantzatutako proiektuaren esparruan, datozen urteetan nazioartean balioztatuko dira biomarkagailu horiek, azkenik haien balio klinikoa zehazteko.

 

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días