Gipuzkoan minbiziaren eragina jasaten duten 587 lagunek jaso zuten tratamendu psikologiko espezializatua 2018an

Guipúzcoa - 04/02/2019

Urtero otsailaren 4an izaten den Minbiziaren kontrako Munduko Eguna dela eta, AECC Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Elkarteak AECCren Minbiziaren Behatokiaren azterketa aurkeztu du:Minbizia duten pazienteei eta familiartekoei arreta psikologikoa emateari buruzko txostena”. Datu horien arabera, Gipuzkoan, guztira, minbiziaren eragina jasaten duten 587 lagunek (pazienteak eta familiartekoak) behar izan zuten tratamendu psikologiko espezializatua iaz. Tratamendu psikologikoa jaso dezakeen populazioa, pazienteak edota familiartekoak kontuan hartuta, 2.066 lagun ingurukoa dela kalkulatzen da, eta guztizko horretatik % 28ri eman die arreta AECC Gipuzkoak. Pazienteen eta familiartekoen gainerako % 72k ez du tratamendu psikologikorik jaso edo ez du behar bezala jaso.

Elkarteak arreta integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzen duen eredua babesten du: tratamendu psikologiko espezializatua ohiko zaintzan sartuta duena. Izan ere, minbiziaren eragina jasaten duten pertsonei eman beharreko kalitate asistentzialaren beste elementu bat izan beharko luke horrek.  Hala ere, 2018an AECCk eta ECO Fundazioak aurkeztutako Minbizia duten pazienteen eta laguntzaileen behar ez-klinikoak Espainian: diziplina anitzeko ikuspegia txostenaren arabera, behar hori ez dago beti estalita; izan ere, onkologia medikoko profesionalen % 21,3k eta erizainen % 31,4k soilik aitortu du arreta psikologikoko zerbitzua ohikotasunez eskaintzen eta bideratzen duela.

Egoera hori ikusita, AECCk beharrezkotzat jotzen du minbiziaren eragina jasaten dutenek arreta psikologikoko beharrak estalita izatea, eta sistemak, gutxienez, diagnostikoaren lehen unetik distres mailen ebaluazioa (bai pazienteena, bai familiartekoena) eta, behar dutenean, tratamendu psikologiko espezializaturako sarbidea bermatzea.

Beraz, AECCk minbizia duten pertsonei eta haien familiartekoei arreta emateko prozesuan ezinbestean honako hauek sartzea eskatzen du:

  • ‘Distres” edo ondoez emozionala neurtzea seigarren bizizeinu gisa, tenperatura, presio arterial, pultsu, arnasketa maiztasun eta minaren ondoren, eta pazientearen nahiz normalean gaixo dagoenari laguntzen dion familiartekoaren historia klinikora sartzea.
  • Arreta psikologiko espezializatura bideratzea identifikatutako distres mailak eskuhartze maila hori behar duela adierazten duenean.
  • Eta paziente eta familiartekoentzat beharrezko arreta psikologiko espezializatuaren estaldura bermatzea, bai sistemaren beraren baliabideekin, bai irabaziasmorik gabeko erakundeek (hala nola Minbiziaren aurkako Elkarteak), eskaintzen duten asistentziarako baliabideekin.

Minbiziaren lekukotzak lehen pertsonan   

Hain zuzen ere gai horretaz hitz egiteko eta lehen eskutik gaixotasuna eta haren ondorioak jasan dituztenen lekukotzak ezagutzeko, AECC Gipuzkoak eremu kultural, politiko, zientifiko, sozial eta ekonomikoekin lotutako lurraldeko espazio ugari bisitatu ditu. Hala, goizean zehar lau talde joan dira Gipuzkoako Batzar Nagusietara, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutura, Martuteneko espetxera, Gureakera, Musikenera, EHUko unibertsitate-gelara eta euskaltegiko eskola batera. Lek horietan, minbizia pasa duten pertsonak prozesuak azaldu ahal izan dituzte, gure psikoonkologoek lagunduta. Gainera, arratsaldez, 18:30ean, aipatutako ekimenaren baitan, hizketaldia egingo da. Gipuzkoako hiriburuko Askatasunaren Hiribideko 12.ean kokatutako La Casa del Libro liburu-dendan izango da.

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días