Indoor bizikletako 24 orduko erronkan lortu diren 8.611 euroak landa-eremuko elikadura osasungarriko programa berri batera bideratuko dira
Sekulakoa zen erronka, eta aise gainditu zuten. 24 orduz bizikleta estatikoetan pedalei etengabe eragiteaz gain, minbiziaren aurka elkarrekin jardutearen garrantzia azpimarratzeko talde-ekintza sortu zuten Raúl Pérez eta Axier Urresti kirolariek.
Raúl eta Axierren inplikazioari, enpresa babesleei eta haiekin batera pedalei eragiteko izena eman zuten pertsona guztiei esker, 8.611 euro bildu dira. Hala, Laudion, Amurrion eta Agurainen elikadura osasungarriko programa abian jartzeko aukera izango du Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, minbizia duten pertsonentzat nahiz herritarrentzat oro har.
“Pozarren gaude erronkak izandako eraginagatik. Eskerrak eman nahi ditugu Raúl eta Axierrek hilabete hauetan erronka iritsi arte erakutsitako ahalegin, eskuzabaltasun eta konpromisoagatik, baita hainbat enpresa eta pertsonari ere, besteak beste, El Boulevard eta BH Fitness, minbiziaren aurka elkarrekin aurrera egiten laguntzeagatik”, azaldu du Miren Bilbaok, Minbiziaren Aurka Araban elkarteko presidenteak.
Erronka maiatzaren 30ean eta 31n izan zen, El Boulevard merkataritza-gunean. Enpresa eta pertsona ugari bildu ziren bertan 24 orduz, Raúl eta Axierrekin batera, bizikletetan pedalei eraginez, gaixotasuna ikusarazteko. Izan ere, Euskadiko lehen heriotza-kausa da minbizia gaur egun. Areago, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango dute; beraz, prebentzioa eta ikerketa funtsezkoak dira minbiziari aurre egiteko.
Miren Bilbaok eskerrak eman nahi izan dizkie “erronkan zehar gurekin egon diren pertsona guztiei, ezinbestekoa baita minbizia duten pertsonek sentitzea haien ondoan gaudela eta gure lehentasuna dela haien bizi-kalitatea hobetzea”.
Minbiziaren Aurka Araban elkarteak bi erronka nagusitan egiten du lan: minbizian %70eko biziraupena lortzea eta lurralde osoan pertsona gehiagorengana iristea. “Gure zerbitzuak Araba osoan zabaldu eta hobetzeko bide ematen du erronka honek”, dio Bilbaok.
Hala, bada, bildutako diruarekin Laudio, Amurrio eta Agurainen ere eskaini ahal izango da elikadura programa. 5 saioko tailerra da, non nutrizionistak menu askotarikoa eta osasungarria egiten irakasten duen, elikadura kontzientea oinarri. Produktuen etiketak deszifratzen ere ikasten da, eta sukaldaritza-eskola praktikoa egiten da. 2024an, 70 pertsonak hartu zuten parte Gasteizen antolatutako 6 tailerretan.
Minbizia Aurka Araban elkarteak doako zerbitzu guztiak eskaintzen ditu bai Zabalgana auzoko bere egoitzan, bai Laudion, Amurrion eta Agurainen. Laguntza psikologikoaz eta aholkularitza eta laguntza sozialaz gain, elkarteak Paziente eta Familien Eskola jarri du martxan, baita ariketa fisiko onkologikoko unitatea ere; material ortoprotesikoa eta ileordeak ematen ditu, eta osasuna sustatzeko tailerrak eta tabakoa erretzeari uzteko programak garatzen ditu. Horrez gain, boluntario laguntzaileak eskaintzen ditu minbizia duten eta behar duten pertsona guztientzat.
Indoor bizikleta ematea
Asteartean, BH Fitness indoor bizikleta eman zitzaion Maitane Garcíari, erronkan izena eman zutenen arteko zozketa irabazi zuenari.
Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie BH Fitness eta El Boulevard merkataritza-guneari erronkan parte hartzeagatik, baita babesleei ere: Garram, Loyer Asesores, Inmobiliaria Low Cost Castro, Unitecnic, Policaucho, Azcoan, InmoAquillos, Georka, MGJ Abogados, Konta Asesores, Premium Mediadores, Carpintería Marsam, Illarre Management, Marcelo Moro, Efiteko, Eventokit, Gure Artea, Restaurante Andere, Sima Informática, Learning Out eta Ucieta. Horrez gain, Eroski-El Boulevardek, Dong-ek, Extensiionmaniak, Megacalzados-ek, Leroy Merlinek eta Baskonia Alavés Fundazioak ere lagundu dute.