Lan-arloko gaiei buruzko laguntza eta aholkularitza

Álava - 29/04/2026

Minbizia diagnostikatutako pertsonen % 38 lan-adinean daude. Eta, hain zuzen ere, lan-arloko kontuek sortzen dute ezinegon handiena prozesu onkologikoan zehar, gaixotasunarekin berarekin batera. Minbiziaren Aurka Araban elkarteko gizarte-langileen taldeak, erabat doan, informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu lanerako ezintasunari, desgaitasunari eta lan-inpaktuari buruz.

Zalantzarik ohikoenak dira, besteak beste, bajan dagoen urtearen ondoren zer datorkion pertsonari, lanik gabe gera daitekeen eta, gaixotasunaren eta tratamenduen ondorioak kontuan hartuta, lanera itzultzeko beldurra. “Mediku-epaimahaiak edo Gizarte Segurantzaren jakinarazpenak interpretatzen ez jakiteak ere asko larritzen du”, dio Vicky García gizarte-langileak.

Minbiziaren Aurka Araban elkarteak informazioa, orientazioa eta laguntza ematen dio norbanakoari alderdi horietan guztietan laneko baja jasotzen duen unetik, “arreta integral, hurbil eta pertsonalizatu batetik, kasu bakoitza bakarra baita”.

Egunero joaten dira Elkartera lan-arloan laguntza eske, baina maiz laneko baja epea amaitzear daudenean joaten dira, ez dakitelako zein diren hurrengo urratsak. “Minbizia diagnostikatu bezain laster deitzera animatuko nituzke, prozesuaren fase bakoitzean lagunduko diegulako”, azpimarratu du Garcíak.

Gizarte-langileek, gainera, hainbat kontzepturi buruzko zalantzak argitzen dituzte, lan-ezintasuna eta desgaitasuna, adibidez. Lanerako ezintasunak zerikusia du pertsonak bere eginkizunak lanpostuan betetzeko dituen zailtasunekin; desgaitasunak, berriz, lotura zuzena du eguneroko jarduerak egiteko zailtasunekin.

Gizarte Segurantzaren jakinarazpenak ulertzeko aholkularitza eta aurkeztu behar duten dokumentazioaren inguruko laguntza ere ematen ditu gizarte-langileen taldeak.

 

Diru-sarrerak galtzea

Minbiziaren diagnostikoarekin batera, laneko bajaren eta gaixotasunaren beraren gastuen ondorioz diru-sarrera asko galtzen dira. Zuzeneko nahiz zeharkako gastuen artean, 10.000 eurotik gorako kostu ekonomikoa eragiten dio minbiziak familien % 41i gaixoaldian. Batzuetan, halaber, senideak lana utzi behar izaten du, zaintza-lanez arduratzeko. Kasu horretan, Minbiziaren Aurka Araban elkarteak diru-sarreren galera konpentsa dezaketen prestazio ekonomikoei buruzko informazioa ematen du.

Minbiziaren Aurka Araban elkarteak arreta soziala eskaintzen du, bai eta laguntza psikologikoa, ariketa fisiko onkologikoa, talde-fisioterapia, nutrizio-aholkularitza, boluntarioen laguntza eta beste zerbitzu batzuk ere, denak ala denak doakoak, bai pazienteentzat, bai senideentzat. Informazio gehiago nahi izanez gero, 900 100 036 doako telefonora dei daiteke.

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días