Arabako 3.000 kirolarik baino gehiagok eta Minbiziaren Aurka Araban elkarteak bat egin dute arreta gizatiarrago baten alde

Álava - 20/02/2026

Arabako kirolariek —3.000 jokalarik baino gehiagok— besoko berdea eramango dute urtarrilaren 31ko, otsailaren 1eko eta otsailaren 7 eta 8ko asteburuetako kirol-lehiaketetan, otsailaren 4an izango den Minbiziaren Mundu Eguna dela eta. Kirolaren munduak, baita kazetariek ere, egin dute bat minbizia duten pertsonen arreta gizatiarrago eta integralagoa aldarrikatze aldera.

Besokoen ekimenak, Minbiziaren Aurka Araba elkarteak bultzatuak, “Batzen gaituen ikurra” du lelo, eta taldeak inplikatuko ditu, besokoa ikusarazteko eta gaixotasunean lagun egitearen, entzutearen eta humanizazioaren ikur unibertsal bihurtzeko.

Maila guztietako kirol-lehiaketetan eramango dute besokoa kirolariek (profesionala, amateur, haurrena…). Hala, bada, ikusgai egongo da Espainiako Futbol Federazioaren, EA Sports Ligaren eta Hypermotion Ligaren lehiaketetan, bai eta Endesa Liga, Asobal, Genuine Moeve Liga, FMoeve Liga eta Espainiako Eskubaloi Federazioan ere. Araban, honako hauetan ikusiko ditugu besokoak: Arabako Futbol Federazioaren taldeetan, Arabako Euskal Pilota Federazioaren txapelketetan, Corazonistasen eskubaloi taldeetan, Padel Norteko padel-txapelketetan eta errugbian, besteak beste. Baskonia, Alavés, Gloriosas, Araski, Gaztedi Rugby Taldea, Beti Aurrera eta Zuzenak taldeek ere eramango dituzte, guztira 3.000 arabar jokalarik.

Aurtengo kanpainak pazienteen zein senideen beharretan jarri du arreta, ez soilik klinikoetan, baita emozionaletan, sozialetan, fisikoetan eta lanekoetan ere, errealitate bakoitzari egokitutako arreta integraleko eredu bat aldarrikatzeko.

Ildo horretan, Minbiziaren Aurka Araban elkartearen aburuz, pertsona erdigunean jartzea dakar berekin arreta humanizatzeak, ez bakarrik harremanen ikuspegitik, baita osasunean, emaitza klinikoetan eta asistentzia-prozesuaren esperientzian eragin zuzena duen elementu gisa ere.

“Minbiziak milaka pertsonari eragiten die urtero Euskadin. Baina zenbakietatik harago, pertsona bati informazioa, arreta eta laguntza emateko moduak eragin zuzena du haren ongizatean, egoera emozionalean eta tratamenduei aurre egiteko eran”, azaldu du Miren Bilbaok, Minbiziaren Aurka Araban elkarteko presidenteak. Arabako taldeek beste behin erakutsi duten inplikazioa eskertu nahi izan du Bilbaok, Elkartearentzat duen garrantzia dela eta "kirolaren mobilizazio-gaitasunagatik eta besokoen bidez ematen diguten ikusgarritasun handiagatik; izan ere, kirolak minbizia duten pertsonekin eta haien familiekin duen konpromisoaren adierazgarri da".

Arreta onkologiko gizatiarrago eta integralagoaren premia

Minbiziaren Mundu Eguna dela eta, otsailaren 4an, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak arreta integraleko eredua aurkeztuko du, paziente onkologikoek eta haien senideek tratamenduan tratu gizatiarragoa jasotzeko ezinbesteko alderdi gisa identifikatu dituzten lehentasunetan oinarrituta.

Horregatik guztiagatik, bere zerbitzuak zabaltzen ari da Arabako Elkartea, denak doakoak, pazienteen eta senideen eskaerei erantzuteko, hala nola taldeko fisioterapia, taldeko eta banakako nutrizioa edota mantentzeko ariketa fisiko onkologikoa. Halaber, Gasteizko, Lezako eta Oiongo osasun-zentroetan gaude, baita Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kanpo Kontsultetan ere, boluntarioen bitartez.

Azken 10 urteotan, %20an gora egin du minbiziak Araban. Iaz 2.200 kasu berri diagnostikatu ziren. Elkartearen helburua da joera hori iraultzea eta gaixotasuna duten pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzea, arreta gizatiarragoa eta integralagoa eskainiz.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días