Gasteizko haur-jolasguneak "Kerik gabeko guneak" izango dira aurrerantzean

Álava - 17/06/2026

Osasun Publikoko Udal Zerbitzuak Vitoria-Gasteizko Kerik Gabeko Espazioen sarean sartu ditu haurrentzako 239 jolasguneak eta haien inguruak. Ekimen horren bidez, Udalak herritarrei eskatzen die gune horietan ez erretzeko eta ez bapeatzeko, eta belaunaldi berrientzako eredugarri izateko, Arabako hiriburuan ingurune osasungarriagoak sustatzeko, tabakoaren eta bapeatzeko produktuen kontsumoa murrizteko, eta keak eta zigarrokinek herritarren osasunean, batez ere haurren osasunean, eta ingurumenean dituzten ondorio kaltegarriak prebenitzeko.

2022tik, Gasteiz Euskadiko Kerik Gabeko Guneen Sareko kidea da. Sare hori Euskadiko Osasun Sailak bultzatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean. Ekimen horren esparruan, Gasteizko Udalak azken lau urteetan tabakoaren eta bapeagailuen kontsumoa mugatzea sustatu du hiriko erabilera publikoko hainbat espaziotan. Horien artean daude Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campusaren ingurunea, TUVISAren eta BEIren markesinak, gizarte-etxeen kanpoaldeak, autobus-geltokia, San Martingo udal-bulegoak, Mendizorrotzako kirolgunea eta Gamarrako parkea.

2026ko kanpainaren xehetasunak Santa Barbara plazako parkean emandako prentsaurrekoan jakinarazi dituzte, eta Ana López de Uralde Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Mónica Moreno Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteko gerenteak parte hartu dute.

López de Uraldek azaldu duenez, “gomendio honekin beste urrats bat ematen dugu osasun publikoaren eta haurren babesaren defentsan. Neurri horren bidez, herritarrak kontzientziatu eta informazioa eman nahi zaie espazio publikoetan ez erretzearen onurei buruz, tabakoaren eta bapeoaren kerik gabeko eremuak ugaritzeko, gaixotasunak prebenitzen laguntzeko, tabakoa kontsumitzen hasteko adina atzeratzen laguntzeko eta esposizio pasiboaren ondorioak ezabatzeko edo minimizatzeko, batez ere adingabeengan eta osasun-arazoak dituzten pertsonengan”.

 Bestalde, Morenok zehaztu duenez, funtsezkoa da tabakoaren eta bapeagailuen arriskuei buruz sentsibilizatzen jarraitzea, eta, horregatik, gaur aurrerapauso handia eman dugu haur-parkeak Kerik Gabeko Espazioen sarean integratuta”. Morenok gogorarazi duenez, “adingabeak oso biztanle ahulak dira, eta babesik gabe daude bigarren eta hirugarren eskuko tabakoaren kearen aurrean”. Bigarren eskuko kea gertu erretzen ari den pertsona batengandik zuzenean iristen dena da, eta hirugarren eskukoa, berriz, giroan geratzen dena, itzalitako zigarrokinek toxikoak eta nikotina askatzen jarraitzen baitute 24 orduz.

Tabakoa da minbizi gehien eragiten duen produktua. Tabakoaren kontsumo gabe, minbizi-kasuen % 30era arte murriztu liteke. Osasun Ministerioaren datuen arabera, 50.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira urtean Espainian tabakoaren ondorioz, eta saihestu daitekeen lehen heriotza-kausa dela esan daiteke. Gainera, kontsumoa hainbat gaixotasunen agerpenarekin lotuta dago.

Informazio-mahaiak

Osasun Publikoaren Zerbitzuarekin adostutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioek, Osakidetzako erizain komunitarioekin batera, informazio- eta sentsibilizazio-lana egingo dute, ekainaren 25etik irailaren 15era bitartean Gasteizko haur-parkeetan egingo diren bederatzi saioren bidez.

Ekimenaren helburua da ez erretzearen eta ez bapeatzearen onurei buruz herritarrak kontzientziatzea, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta tabako eta zigarro elektronikoen kontsumoari lotutako arriskuak ezagutaraztea.

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días