EHU-ko Arabako Campusa Kerik Gabeko guneen sarearekin bat egiten duen lehen unibertsitate eremua

- 03/11/2025

Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusa lehen unibertsitate-eremua da Kerik Gabeko Guneen Sarearekin bat egiten. Sarea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2021ean sortu zuen, Euskadiko foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan. Hala, jauzi kualitatiboa lortu da Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusak, Gasteizko Udalak eta lurralde horretako Minbiziaren Aurkako Elkarteak elkarrekin egindako ahaleginari esker.

Erakunde horietako ordezkariek sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur campusean bertan emandako prentsaurrekoan. Kanpaina hori elkarrekin egin dute, eta, hedapenerako beste elementu batzuen artean, mural handi bat egin da, ekimenaren helburua laburbiltzen duena, goiburu honen bidez: “Campusean, kerik gabe hobeto. Izan gaitezen eredu”. Era berean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio-mahaiak(1) jarriko ditu hainbat egunetan eta fakultatetan.

Kerik Gabeko Guneen Sarea 2021ean jarri zen abian, tabakoa eta lurrungailuak bezalako deribatuak kontsumitzen hastea prebenitzeko, besteren kearen edo aerosolaren esposizioa ezabatzeko, batez ere adingabeengan, eta zigarrokinek eta tabakoarekin lotutako produktuen beste hondakin batzuek eragindako kutsadura saihesteko.

Gaur EHUren Arabako campusa sarean sartzeak beste bultzada bat ematen dio tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren estrategiari. Programa horiek hezkuntzaren, osasunaren, komunitatearen edo ingurumenaren arloetan garatzen dira.

 

 

Minbiziaren aurkako informazio-mahaien egutegia

  • Urriak 24, ostirala LETREN FAKULTATEA 11:00-13:00
  • Urriak 29, asteazkena INGENIARITZA ESKOLA 11:00-13:00
  • Azaroak 5, asteazkena HEZKUNTZA ETA KIROL FAKULTATEA (Hezkuntza) 11:00-13:00
  • Azaroak 7, ostirala HEZKUNTZA ETA KIROL FAKULTATEA (Kirola) 11:00-13:00
  • Azaroak 10, astelehena TOMÁS ALFARO UNIBERTSITATE EGOITZA 17:00-19:00
  • Azaroak 25, asteartea ERIZAINTZA ETA MEDIKUNTZA FAKULTATEA 11:00-13:00
  • Azaroak 26, asteazkena Esperientzia Gelak HEZKUNTZA FAKULTATEA 17:00-19:00
  • Azaroak 28, ostirala FARMAZIA FAKULTATEA 11:00-13:00
  • Abenduak 12, ostirala LAN HARREMANAK ETA GIZARTE LANA FAKULTATEA 11:00-13:00
  • Otsailak 6, ostirala ELURRETAKO ERAIKINA 11:00-13:00

Lander Picazo Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasleak egin du murala. Aularioan erakusteko.  “Muralean errotatxoak bat egiten du EHUren logoarekin, eta aire-korronte garbi batez inguratzen da. Hori guztia kolore urdinarekin irudikatzen da, eta unibertsitateko agertoki ireki batean girotuta dago, birikak eta aire hori arnasten duten albeoloak gogorarazten dituzten zuhaitzen siluetekin”, adierazi du artistak.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días