Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, Sendagaigileen Elkargoak eta Optikarien Elkargoak indarrak batu dituzte fotobabeslei buruzko esamesak baztertzeko

Álava - 12/06/2026

Larruazaleko Minbizia Prebenitzeko Europako Eguna dela eta (ekainaren 13an, larunbata), Arabako Sendagaigileen Elkargoak, Optikari-Optometristen Elkargoak eta Minbiziaren Aurka Araban elkarteak indarrak batu dituzte berriz eguzkitik babestearen garrantziaren berri emateko, larruazaleko minbizia prebenitzeko neurri nagusia izanik.

Oraingo honetan, hiru erakundeek sare sozialetan dabiltzan esamesak baztertzera bideratu nahi dituzte beren ahaleginak; izan ere, eguzki-kremen erabilera zalantzan jartzen eta gehiegizko eguzki-esposizioak eragiten duen kaltea gutxiesten dituzte esamesok.

Herritarrak eguzkitik babestearen garrantziaz sentsibilizatzen jarraitzeko, igerilekuan eta hondartzan ez ezik, baita eguneroko jardueretan ere, Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, Arabako Sendagaigileen Elkargoak eta Optikari-Optometristen Elkargoak eguzki-prebentzioko kanpaina aurkeztu dute gaur. Florida parkean egin dute prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Milagros López de Ocáriz, Arabako Sendagaigileen Elkargoko presidentea; Mónica Moreno, Minbiziaren Aurka Araban elkarteko gerentea; eta José Luis Sáez Presa, Optikari-Optometristen Elkargoko Arabako ordezkaria.

Larruazaleko minbizia tumore ohikoenetako bat da, eta hein handi batean prebenitu daiteke. “Jakina da minbizi horiek pairatzeko arrisku-faktore nagusia saihets daitekeela eta erradiazio ultramoreekin lotuta dagoela, batez ere gehiegizko eguzki-esposiziotik datozenak. Ezinbestekoa da prebentzio-neurri egokiak hartzearen garrantziaz jabetzea: eguzkitan gehiegi ez jartzea, larruazala babestea eta eguzkitik babesteko kremak erabiltzea aire zabalean gaudenean, urteko edozein garaitan”, dio Mónica Moreno, Minbiziaren Aurka Araban elkarteko gerenteak, eta gogorarazi du larruazalak oroimena duela.

Ebidentzia zientifiko eta dermatologikoak baieztatzen du bizitzan zehar bost eguzki erredura larri edo gehiago izateak bikoiztu egiten duela melanoma garatzeko arriskua.

Bestalde, Arabako Sendagaigileen Elkargoko presidente Milagros López de Ocárizek azpimarratu duenez, “espektro zabaleko eguzki-babesgarriak nazioarteko erakundeek —hala nola Osasunaren Mundu Erakundeak— gomendatutako neurrietako bat dira larruazaleko minbizia —melanoma barne— prebenitzeko”. López de Ocárizek gogora ekarri duenez, “fotobabesleek erradiazio ultramoretik babesten gaituzte, eta erredurak eta haien ondoriozko kalte zelularra prebenitzen dituzte. Eguneroko errutinan sartu behar dira, eta baldintza batzuk bete eraginkorrak, seguruak eta ingurumenarekiko konprometituak izan daitezen”.

Optikari-Optometristen Elkargoko presidenteak, José Luis Sáez Presak, gogorarazten du ezinbestekoa dela begiak babestea. "Optikari optometristen lana, optikako osasun-establezimenduetako lehen mailako arretako profesional gisa, ez da produktu bat saltzea bakarrik, baizik eta ikusmen-sistemaren osasuna ebaluatzea eta irtenbiderik egokiena agintzea", dio.

Esamesek eta melanoma kasuek gora egin dute

Larruazaleko minbizia bi multzo nagusitan banatzen da: kartzinomak eta melanomak. Melanomak oso erasokorrak dira, eta azken lau urteetan % 40 hazi dira, Dermatologia eta Benereologia Elkartearen 2023ko datuen arabera. Igoera horren arrazoiak dira, besteak beste, lesio gehiago diagnostikatzen direla orain duela urte batzuk baino, aire zabalean aisialdi-jarduera gehiago egiten ditugula eta beltzarantzea ideal estetikotzat hartzea. Euskadin, 2023. urtean 433 melanoma kasu berri detektatu ziren,
Minbiziaren Espainiako Informazio Epidemiologikoko Sistemaren arabera.

Larruazaleko minbizia izateko arrisku-faktore nagusia erradiazio ultramorea (UV) da, batez ere gehiegizko eguzki-esposiziotik datorrena. Jokabide eta ekintza jakin batzuekin, prebenitu egin daiteke.

Hori dela eta, Arabako Sendagaigileen eta Optikari-Optometristen Elkargoek Minbiziaren Aurkako Elkartearekin lankidetzan dihardute aspaldi prebentzio-kanpaina honetan, gomendioak zabaltzeko eta eguzkitik babesteko produktu egokien erabilera sustatzeko.

Esamesen adibide dira, esaterako, eguzkitan babesik gabe egoteko gomendioa, D bitaminaren eskasia fotobabesleak erabiltzeagatik edota fotobabesleak erabiltzeari uko egitea. Pertsona publiko eta ‘influencer’ batzuek egindako baieztapen horiek ez dute inolako ebidentzia zientifikorik, eta eragin negatiboa dute osasunaren hezkuntzan eta sustapenean.

“Eguzki-kailuaren mitoa oso arriskutsua da; izan ere, larruazaleko zeluletan eragindako kaltearen isla da eguzkitan egotearen ondoriozko beltzarantzea. Haien material genetikoari eragindako kalteari erantzuteko, zelulek melanina gehiago sortzen dute, eta horregatik belzten da azala”, diote Sendagaigileen Elkargoko eta Minbiziaren Aurka Araban elkarteko kideek.

"Sare sozialetako edozein bideo edo joeraren aurrean, gomendio ofiziala beti da optiko-optometristaren kontsultan informatzea, eta irtenbiderik egokiena emango dio", esan du Sáez Presak.

Aholku batzuk

Aholku profesionala da esamesa horien aurka borrokatzeko aliaturik onena. Hala, farmazietatik aholkularitza espezifikoa ematen da. “Pazientea zalantza nahasiekin eta jada barneratuta dauden mitoekin iristen da botikara. ‘Influencer’ direlakoen aldean balio bereizgarria dugu farmazialariok, hurbiltasunean, irisgarritasunean, entzutean eta ezagutza zientifikoan oinarritua”, dio Milagros López de Ocárizek.

Sendagaigileen Elkargoak gogorarazi du garrantzitsua dela beti ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioei jarraitzea. Eguzkitik behar bezala babesteko, espektro zabaleko eguzki-babesak erabiltzea gomendatzen da, UVA zein UVB erradiaziotik babesten dutenak eta 30 edo gehiagoko eguzki-babeseko faktorea (SPF) dutenak. Horrez gain, eguzkitan jarri baino 15 minutu lehenago eman behar da fotobabeslea, eta bi ordutik behin eman behar da berriz, baita bainatu edo izerdi asko bota ondoren ere.

Minbiziaren Aurka Araba elkarteak, bestalde, gogorarazi du komeni dela larruazala aldian-aldian aztertzea eta orezten/orbanen asimetriak, ertz irregularrak, kolore-aldaketak, tamaina eta bilakaera zaintzea.

Begiak babesteari dagokionez, Optikari-Optometristen Elkargoko Arabako ordezkari Jose Luis Sáez Presak ohartarazi du "errealitate zientifikoak eguzki graduatuko betaurrekoaren garrantzia erakusten duela; izan ere, iragazki ultramorea duenez, begien osasunerako babes handiagoa eskaintzen du”.

Osasunaren sustapena

Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, Arabako botikariekin batera, Gamarra, Mendizorrotza, Estadio eta Bakh-eko igerilekuetan eta Laudio, Amurrio eta Aguraingo igerilekuetan kokatutako hainbat informazio-mahaitan zabalduko dituzte aholku horiek. Uda honetan, gainera, Baskonia Alavés Fundazioaren, Bakh-en eta Aguraingo udalekuetara ere eramango da eguzki-prebentzioko kanpaina, besteak beste.

Informazio-gune horietan, UV babes-kantitatea, betaurrekoen kristalek duten argi-xurgapena eta kristal horien argi infragorriaren aurkako babesa neurtzeko gai den makina bat egongo da.

Informazio-guneen egutegia:

  • Ekainaren 23a, asteartea, 11:00etatik 13:30era: Arka plaza.
  • Ekainaren 25a, osteguna, 11:00etatik 13:30era: Loma Jeneralaren plaza.
  • Ekainaren 30a, asteartea, 11:00etatik 13:30era: Loma Jeneralaren plaza.
  • Uztailaren 1a, asteazkena, 11:00etatik 13:00etara: Laudioko igerilekuak.
  • Uztailaren 2a, osteguna, 17:30etik 19:00etara: Estadioko igerilekuak.
  • Uztailaren 7a, asteartea, 17:30etik 19:00etara: Mendiko igerilekuak.
  • Uztailaren 8a, asteazkena, 11:00etatik 13:30era: Arka plaza.
  • Uztailaren 9a, osteguna, 17:30etik 19:00etara: Bakh-eko igerilekuak.
  • Uztailaren 14a, asteartea, 11:00etatik 13:00etara: Amurrioko igerilekuak.
  • Uztailaren 15a, asteazkena, 11:00etatik 13:00etara: Aguraingo igerilekuak.
  • Uztailaren 16a, osteguna, 17:30etik 19:00etara: Gamarrako igerilekuak.

Udalekuak 

  • Ekainaren 24a. Bakh-eko campusa
  • Ekainaren 26a. Baskonia Alavés Fundazioaren campusa
  • Uztailaren 2a. Baskonia Alavés Fundazioaren campusa
  • Uztailaren 7a. Baskonia Alavés Fundazioaren campusa
  • Uztailaren 10a. Bakh-eko campusa
  • Uztailaren 16a. Baskonia Alavés Fundazioaren campusa
  • Uztailaren 20a. Baskonia Alavés Fundazioaren campusa
Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días