Urriaren 4an egingo da Minbiziaren Aurkako XII. Vitoria-Gasteizko Martxa eta minbiziaren aurkako konpromiso kolektiborako deia dakar
Egunero sei pertsonari diagnostikatzen zaie minbizia Araban. Horientzat, laguntza nahiz arreta integrala funtsezkoak dira, eta, hain zuzen ere, urriaren 4an Gasteizen egingo den Minbiziaren Aurkako Martxaren hamabigarren edizioak arreta integralaren eta humanoaren garrantzia azpimarratuko du, behar kliniko, emozional, fisiko, nutrizional nahiz sozial guztiei erantzungo diena. Gainera, konpromiso kolektiborako deia egingo da, minbiziaren eragina murriztu dadin.
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak Minbiziaren Aurkako Martxa aurkeztu dute gaur, eta aurkezpenean parte hartu dute Miren Bilbao elkarteko presidenteak, Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Enrique Bárez Araba ESIko zuzendari gerenteak eta Nadia Salehi Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen laguntza duen doktoretza aurreko ikertzaileak.
‘Urrats bakoitzak batzen du, historia bakoitzak kontatzen du' lelopean, gizarte osoari zuzenean edo zeharka eragiten digun gaixotasun horren aurrean gizarte osoak konpromisoa har dezala eskatzera dator hitzordua. 2.200 pertsonari diagnostikatu zitzaien minbizia 2025ean. “Zenbaki bakoitzaren atzean prozesuaren parte aktibo izan nahi duen pertsona bat dago. Horregatik, kirol ekitaldi bat baino askoz gehiago da martxa. Gaixotasunari eta humanizazioari buruz hitz egitea da, gaixo guztiei eta haien familiei laguntzea da, eta ikertzearen nahiz bizi-ohitura osasungarrien bidez gaixotasuna prebenitzearen garrantzia azpimarratzea da. Azken batean, minbizia gizarte osoari dagokiola gogoraraztea da”, azaldu du Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak.
Gainera, 50 urtetik beherako pertsonengan minbiziaren intzidentziak gora egiten jarraitzen duela gogorarazi du. World Health Organization-en arabera, 1990 eta 2019 artean igoera hori % 79koa izan zen. “Horregatik da garrantzitsua ikertzen jarraitzea”, azpimarratu du Bilbaok.
Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak azpimarratu duenez, “minbiziaren arazoari aurre egiteko elkarteak sarean egiten duen lana itzela da, eta harreman estua du gaixotasunarekin lotutako beste elkarte batzuekin, Osakidetzarekin berarekin, enpresekin nahiz lurraldeko beste eragile batzuekin. Funtsezkoa da gaixoak eta haien inguruneak modu globalean artatzeko betetzen duten zeregina, eta Arabako gizarte osoa sentsibilizatzeko eta gaixotasuna ezagutarazteko egiten duten lana. Bereziki nabarmendu nahi dut prebentzioaren eta ikerketaren alde lan egiteko ahalegina, konponbidearen gakoak baitira, eta horri oso garrantzitsua deritzogu Vital Fundazioan, eta estrategia hori partekatzen dugu gaixotasunak edo desgaitasuna gainditzeko lan egiten duten elkarteekin”.
Bestalde, Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntza bera bezalako ikertzaileentzat oso garrantzitsua dela azaldu du Nadia Salehik, “bokazio zientifikoak bultzatzen jarraitzea garrantzitsua delako, eta Elkartea gazte askori aukera ematen ari zaigulako gure pasioan, zientzian, aritu gaitezen”. Salehik, halaber, eskerrak eman dizkie martxari babesa eman dioten enpresa guztiei, babes horrek bere proiektua nahiz mota horretako beste batzuk gauzatzeko aukera ematen duelako.
“Osakidetzako Araba ESIak eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak sinatutako hitzarmena funtsezko zutabea da gure lurraldean osasun publikoko politikak bultzatzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko”, adierazi du Enrique Bárez Araba ESIko zuzendari gerenteak. “Herritarrei bidalitako azken inkestaren emaitzek (mila arabar baino gehiagoren parte-hartzea izan du) argi eta garbi erakutsi dute ariketa fisiko aktiboa egitea herritarren lehentasun nagusien artean dagoela. Erakunde publiko garen aldetik, eskaera hori bideratzeko konpromiso irmoa dugu. Horregatik guztiagatik, Osakidetzaren Araba ESIaren izenean, Minbiziaren Aurkako Martxarekin bat egitera animatzen dut Arabako gizarte osoa; hitzordu saihestezina da, konpromiso solidarioak eta kirolaren onurak bat egiten baitute etorkizun osasungarriagoa eraikitzeko ”, gaineratu du.
Erakunde biek deritzote ikerketa funtsezkoa dela detekzio goiztiarrean eta tratamenduetan aurrera egiten jarraitzeko. Araban besterik ez, 2015etik 1,8 milioi euro inbertitu dira zeregin horietan. 2024an, doktoretza aurreko lehenengo beka esleitu zitzaion Helena Garcia ikertzaileari, koloneko minbiziaren metastasi hepatikoari buruzko lanerako, eta, iazko martxan parte hartu zuten guztien eskuzabaltasunari esker, aurten doktoretza aurreko beka esleitu zaio Nadia Salehiri.
Ibilbidea, jarduerak eta izen-emateak
Martxa ez da lehiakorra eta urriaren 4an aterako da, 11:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik. Nadia Salehi ikertzaileak eta Enrique Bárez Araba ESIko gerenteak moztuko dute zinta. Ondoren, ibilbideak Florida pasealekutik eta Sendatik jarraituko du Armentiaraino, eta Plaza Berrian amaituko da.
Izena online eman daiteke enmarcha.contraelcancer.es webgunean edo El Corte Ingléseko kirol dendan, irailaren 7tik (astelehena) urriaren 3ra (larunbata). Kamisetak El Corte Inglésen jasoko dira hilaren 1ean eta 2an, 10:00etatik 21:00etara, eta 3an, 10:00etatik 14:00etara. Prezioa 12 €-koa da 15 urtetik gorakoentzat eta 8 €-koa 14 urtetik beherakoentzat. Bildutako diru guztia Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen ikerketa-proiektuetara bideratuko da, baita, besteak beste, jarduera fisiko onkologikoko, fisioterapiako, nutrizioko, arreta psikologikoko eta sozialeko zerbitzuak zabaltzen jarraitzera ere.
Behin proba amaituta, Plaza Barrian jarduera-programa zabala burutuko da, hala nola ohiko pintxopote solidarioa, zumba eskolak eta haurrentzako zientzia tailerrak. Gainera, beren proiektuak Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen laguntzari esker garatzen dituzten ikertzaileak ere izango dira bertan, eta jendearen galderei erantzuteaz gain, oso modu dibulgatzailean azalduko dute zertan dautzan beren ikerketak.
Minbizia Araban
2025ean, 2.200 minbizi kasu diagnostikatu ziren Araban. Kolon eta ondesteko minbizia, bularrekoa, prostatakoa eta biriketakoa dira intzidentzia handiena dutenak. Aurreikuspenen arabera, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango du. Alderdi positiboa da biziraupena gero eta handiagoa dela, eta, horregatik, Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbiziak jotakoen artean % 70eko biziraupena lortzeko erronkari eutsi dio, eta horregatik dira hain garrantzitsuak ikerketa babesten jarraitzeko helburua duten Minbiziaren Aurkako Martxa bezalako ekintzak.
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere ekintza-ildo nagusiak prebentzioa, laguntza eta ikerketa dira. Vitoria-Gasteizen dago, Zabalganan (Arkupedun plaza, 1), eta Laudion, Amurrion, Agurainen, Lezan eta Oionen ere aritzen da. Minbizia diagnostikatu zaien pertsona guztiei eta haien senideei irekita dago elkartea.
Ikuspegi psikologikotik, profesionalen taldeak arreta eskaintzen du, bai banaka, bai taldean, gaixotasunaren inpaktu emozionala murrizteko prozesuko fase guztietan, diagnostikotik hasi eta dolura arte. Era berean, Pazienteen eta Senideen Eskolak taldean lantzen ditu interes handiko gaiak, hala nola antsietatea, ziurgabetasunaren kudeaketa, komunikazioa, zaintzeko zaintzea, sexualitatea, besteak beste.
Gainera, laguntza eta aholkularitza soziala, lanekoa, laguntza ekonomikoei buruzko informazioa, kudeaketetan laguntzea eta, tratamendua herritik kanpo bada, elkartearen beraren pisuei edo egoitzei buruzko informazioa eskaintzen dira. Era guztietako materiala eta euskarriak ere eskaintzen dira: ohe artikulatuak, taka-takak, gurpil-aulkiak, ileordeak eta zapiak. Zerbitzu guztiak doakoak dira. Informazio gehiago 900 100 036 doako telefonoan eta alava@contraelcancer.es helbidean. Prebentzio-tailerrak eta laguntzeko boluntarioak ere badaude.
Minbiziaren Aurkako XII. Martxa Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu du, Vital Fundazioaren bultzadarekin, eta Gasteizko Udala, El Corte Inglés, Michelin Fundazioa, Just Drive, Ford Garaje Modernoa, I+Med, Seri Sport, Amurrio Ferrocarril y Equipos, Universidad Euneiz, Jori Correduría de Seguros, Aernnova, Inprotop, Konfekoop, Baigene, Sayma, Hotel Ruta de Europa, Policaucho, Centro de Nutrición Ainhoa, A & B Laboratorios eta Gran Turismo Araba erakundeen babesa ere badu.
Laguntzen dute El Correo, Vidrala, Eroski, Cruz Roja Álava, Artepan, Sistemas Arco, Fundación Baskonia Alavés, Vivagym, Solán de Cabras, Carlota Charcutería, Ser Vitoria, Radio Vitoria, Radio Gorbea, Cope, Onda Cero, Tuvisa, Eventokit, Boilur, Hobea, Natuber, Eguren Ugarte, Mukua by Vellilla eta La Jamonería by J. Ángel Palacios