MINBIZIAREN AURKAKO MARTXA DIGITAL VITORIA-GASTEIZ
Gasteiz, 2020ko abuztuaren 31.- Minbiziaren aurkako Gasteizko Martxak, seigarren edizioan, formatu digitala izango du, COVID-19aren ondorioz. Harreman sozialak murrizteko gomendioak direla eta, martxaren antolatzaileek, Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak, ohi ez bezalako edizioa proposatu dute, baina betiko helburuarekin: herritarrak gaixotasunaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzeko.
Aurreko edizio arrakastatsuen ostean, koronabirusaren pandemiak zapuztu du Minbiziaren aurkako Gasteizko Martxa. Izaera ludikoko kirol proba hori aurten ere egingo da, baina beste modu batera. Parte hartu nahi duten pertsonek bere kabuz –banaka edo talde txikietan– 6 kilometroko edozein ibilbide egin ahal izango dute, oinez edo korrika, urriaren 3an eta 4an. Gero, bere ekipamendua erakusten duen argazki bat Arabako AECCren sare sozialetara igo beharko dute. Twitter @aecc_alava, Facebook aecc Álava edo Instagram aeccalava erabili ahal izango dute horretarako.
Lehiarik gabeko proba hori Arabako AECCri lagundu nahi dioten pertsona guztientzat da, eta minbizia duten gaixoei eta haien familiei zuzenduriko laguntza orohartzailea hobetzea du helburu, baita gaixotasuna prebenitu eta garaiz antzematea eta minbiziaren inguruko ikerketa bultzatzea ere. Izena online eman daiteke, www.fundacionvital.eus webgunean, osorik minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko den 7 euroko prezioaren truke, irailaren 1etik urriaren 2ko 14:00etara arte, baita aurrez aurre ere, El Corte Inglésen kirol eraikinean, irailaren 7tik urriaren 1era arte, denden ordutegian. Horrez gain, Vital Fundazioaren webguneak 0 ilara eskainiko du online, martxa digitala egin nahi ez baina elkarteari lagundu nahi dioten pertsonentzat.
Martxaren kamisetak eta bizkar poltsak Arabako AECCren egoitzan banatuko dira (Arkupe plaza 1, behea, Sofia erreginaren hiribidetik sartuta), irailaren 16tik urriaren 2ra bitartean, astelehenetik ostegunera, 08:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 08:00etatik 15:00etara, NANa edo izena eman izanaren agiria erakutsita.
Bildutako diru guztia minbiziaren aurkako ikerketarako bideratuko da, hain zuzen, María Arechederra eta Carmen Berasain Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Ikerketa Aplikatuko Zentroko (CIMA) ikertzaileen ikerketa proiektua sustatzera. Gibeleko minbiziari buruzko ikerketa da, tumore zelulak aztertzea helburu nagusi duena, tumore mota horrekin eraginkorra izango den terapia berri bat aurkitzeko. Proiektuak, 2018. eta 2019. urteetan, egindako jardueretan bildutako 80.000 euro jaso zuen Arabako AECCtik. 2019an bakarrik 41.236,58 euro bildu zen, Gasteizen, Oionen, Amurrion eta Agurainen egindako martxetan, baina Gabonetako kontzertuan ere.
Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak 4.800 bazkide ditu; haiei esker lortzen dira urteko ekarpenak, ikerketak egiteko eta gaixoentzako eta haien familientzako doako zerbitzuak mantentzea ahalbidetzen dutenak. Gainera, 200 boluntario ditu –elkartearen eragile–, prebentzio ekintzez eta etxe eta ospitaleetan lagun egiteaz arduratzen direnak. Guztien artean, 2019an, 1.600 pertsonari baino gehiagori arreta ematea lortu zuten, baita psikologiaren eta gizarte lanaren 2.721 saio egitea ere.
Apuntarme al evento