Minbizia duten pazienteek Gipuzkoako hainbat eremutan emango dituzte testigantzak
AECC Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Elkarteak ekimen berritzailea antolatu du otsailaren 4ko Minbiziaren kontrako Munduko Egunean. Jardunaldi horretan, minbizia izan duten pertsonek elkarteko psiko-onkologoek lagunduta beren testigantza eskainiko dute arlo kulturalarekin, politikoarekin, zientifikoarekin, sozialarekin eta ekonomikoarekin zerikusia duten lurraldeko hainbat eremutan.
Horrela, astelehenean zehar, paziente eta psikologoak osatutako lau talde hamar bat tokitan izango dira: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Biodonostiako Osasun Ikerketako Institutua, Martuteneko kartzela, Gureak, EHUko unibertsitate gela eta euskaltegiko klase bat, besteak beste. Gainera, arratsaldez, 18:30ean, aipatutako ekimenaren baitan, hizketaldia egingo da. Gipuzkoako hiriburuko Askatasunaren Hiribideko 12. zenbakian kokatutako La Casa del Libro liburu-dendan izango da.
Hamar bat minutuko iraupena izango dutela kontuan hartuta, topaketa horien helburua izango da gure gizartean hainbeste entzuten den, baina era berean, oso ezezaguna den gaixotasuna Gipuzkoako eguneroko bizitzara hurbiltzea. Zehazki, aurtengo kanpainaren helburu nagusia minbiziak emozionalki nola eragiten duen eta arreta psikologikoa jasotzeak duen garrantzia ezagutzera ematea da. Ildo horretatik, Gipuzkoako AECCn, urte osoan lan egiten dute pazienteek eta familiartekoek kalitatezko, doako eta pertsonalizatutako arreta psikologikorako sarbidea izan dezaten.
Kanpainaren mezuak nabarmendu nahi du guztiok dugula minbiziaren ondorioen berri, baina pazienteek eta familiartekoek egunerokoan bizi duten errealitatea ikusten dena baino askoz ere gogorragoa dela: beldurra, tristura, autoestimuaren galera, komunikazio-arazoak, etengabeko galderak, antsietatea… Adierazten dute minbizia duten pertsonen % 50ek baino gehiagok ondoez emozional handia izaten duela egunerokoan. Gaixoentzat eta familiartekoentzat behar nagusia izateaz gain, arreta psikologikoak urria izaten jarraitzen du.
Gipuzkoako udalerrietako ekintzak
Ekimenaz gain, AECC Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Elkartetik, Gipuzkoako toki askotan hainbat ekimen prestatu dira Minbiziaren kontrako Munduko Eguna dela eta. Horien artean, Donostian, Irunen eta Zarautzen, elkarteko boluntarioek, adituek lagunduta, informazio-mahaiak prestatuko dituzte. Horietan, minbizia duten pertsonen errealitate erakusteko materiala banatuko da.
Era berean, DBUSeko autobusen flotak kanpainarekin bat egingo du. Hain zuzen ere, minbizia duten pazienteen eta haien familiartekoen (aurten elkarteko kanpainaren protagonistak dira) kartelak ipiniko dituzte.
Aurreko urteetan bezala, berdea da kausa honen sinboloa eta horixe izango da jardunaldia markatuko duen elementu nagusietako bat. Hori dela eta, Donostia, Irun eta Mendaroko Udalek itxaropenaren kolorea piztuko dute. Halaxe egingo dute baita ere Eibarko Bizikleta Plazan eta Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean. Era berean, Villabonan, Berdura Plaza berez estaliko da zabalduko dituzten hamarka aterkiri esker.
Iñaki Peña medikuaren ‘Aulki Hutsak’ dokumentala, dolua lantzen duena, Irunen emango dute otsailaren 4an, Tolosan otsailaren 6an, asteazkenean, eta Zumarragan otsailaren 11n.
Era berean, lurralde osoko hainbat saltokik erakusleihoak apainduko dituzte Minbiziaren kontrako Munduko Eguna dela eta.