Eguberri zoriontsuak? Data seinalatu hauetan maite dugun baten galera ahalik eta ondoen eramateko gakoak

Guipúzcoa - 19/11/2018

Zer egin dezakegu?

Dolua prozesu naturala da, eta hori hartu behar dugu oinarritzat. Egokitu egin behar dugu, galeraren aurrean, eta horrek sufrimendua dakar. Gizarteak gugan presio itzela egiten du maite dugun baten galera azkar gainditzeko. Denbora bat pasatutakoan, maite ditugun horiez hitz egiten dugunean gainerakoak aspertu egiten ditugula sentitzen dugu, “ondo egotea” edo gutxienez itxura ematea eskatzen digute. Bakoitza ezberdina da eta bakoitzak bere modura erreakzionatzen du, eta doluaren prozesuan, hildakoarekin genuen harremana, egokitzeko dugun gaitasuna edo aurretik izandako doluen historia kontuan hartuta, prozesuak gehiago edo gutxiago irauten du.

Ez dakit doluak zer iraupen duen, baina badakit lehen urtebetetzea, lehen urteurrena, lehen… beti direla zailak eta horiekin batera, baita lehen Eguberriak ere. Sentikor egon ohi gara, kaleko pozak agian enbarazu egingo digu, eta askok begiak itxi eta berriz urtarrilaren 7an ireki nahiko lituzkete. Baina ezin dugu ihes egin; eraso mediatikoa izugarria da, telebistako iragarkiak, kaleko argiak edo Gabon-kantak direla eta, Eguberriak oso presente daude data seinalatuak baino aste batzuk lehenagotik.

Noski, ez dago makila magikorik. Baina gure esperientziaren arabera, jarraibide hauek lagun dezakete Eguberriei aurre egiten eta, bide batez, dolua lantzen, eta dolu konplexuak agertzea saihesteko prebentzioan.

Azaroan gaude, zer egingo dugu?

  • Hobe da aurrea hartzea, familiako bilera bat deitzea hitz egiteko

 

  • Iniziatiba hartzea zenbait gaitan, adibidez, beste leku batean egitea otordua, menua aldatzea, opariak…

 

  • Ez isolatzea. Elkartzea, partekatzea, elkar zaintzea.

 

  • Norbaitek elkartu nahi ez badu edo oparietan parte hartu nahi ez badu, errespetatzea, baina lagun dezakegu beste aukera batzuk proposatuta. Zerbait berria sortzea.

 

  • Ziurrenik mahaian denak ari dira pentsamendu eta min bera partekatzen. Adierazi egin dezakegu, zerbait sinbolikoarekin presente bihurtu, adibidez topa batekin edo kandela bat piztuta, edo denboran mugatutako ekintzekin. Elkarrekin hunkituko gara, behar izanez gero negar egingo dugu, baina norbaitek jaiki eta negar egiteko ezkutatu behar izatea saihestuko dugu. Umeak baldin badaude eta erreakzioa intentsua baldin bada, hobe da beste gelaren batera edo komunera joatea umeekin egon aurretik berriz itxuratu arte.

 

  • Familiako ohiturak aldatzea zaila izan ohi da eta egonezina sortzen du. Bidaia bat planteatzen badugu kanpoan egoteko, aukera onena dela uste dugulako, min gutxien eragingo duena dela uste dugulako, aurtengo kontu puntual gisa planteatu. “Datorren urtean ikusiko dugu”.

 

  • Tradizioa hauts dezakegu edo sentimenduak azaleratzen utzi erritualekin (esaterako, aulki huts bat jarrita mahaian).

gabonak2

Eta umeak?

Eguberriak norbaitenak eta norbaitentzat baldin badira, umeentzat dira. Zer egin dezakegu familia bat minez baldin badago amona, aitona, aita edo ama galdu dutelako, edo are okerrago, seme-alabaren bat galdu dutelako?

Maite den pertsona baten galeragatik familia batek sentitzen duen minetik kanpo ezin dira utzi umeak. Mingarria eta zaila izan arren, bere garaian gertatutakoaren berri eman behar izan zitzaien moduan, data hauetan ere sentitzen dutena adieraztera bultzatu beharko genituzke. Umeak lehenengo helduari begiratzen dio eta helduak barneratu ahala, umeak ere barneratuko du.

- Egin partaide umeak; haiek ere dolua bizi dute eta umeak dira, baina ez inozoak. Isiltasunak urduri jartzen ditu. Zerbait sor dezakegu haiekin: izar bat diseinatu edo apaingarri bat zuhaitzerako, marrazki bat...

- Umeei Eguberrietan zer egiteko gogoa duten galdetzea izan daiteke modu bat ikusarazteko haien sentimenduak ere kontuan hartzen ditugula eta haien sormenarekin, erritual berriak sor ditzakegu.

- Ez da beharrezkoa datak pozez, Gabon-kantekin eta argiekin bizitzea, baina ez dugu gomendatzen doluagatik kentzea. Mina ez da bateraezina ilusioarekin.

 - Garai honetan sentikorrago egon ohi gara, oroitzapenak gehiago etortzen zaizkigu.

ZERBAITEN “OSPAKIZUNA” EZ DA BATERAEZINA MINA SENTITZEAREKIN

Azken batean, gizarteak doluak denbora errekorrean gainditzea eskatzen digu. Bakoitzak bere denbora behar du, galera motaren arabera, galera gertatutako egoeraren arabera edo norberaren bizi-momentuaren arabera. Baina hilabete asko pasatuta oraindik ere zaila bada eguneroko zereginak egitea, edo haren falta minez gogoratzen baduzu, itzuli egin daitekeela pentsatzen baduzu, uneoro haren bila bazabiltza, etorkizunik ez duzula sentitzen baduzu, bizirik jarraitzeagatik errudun sentitzen bazara, oso posible da prozesu normala izan behar lukeena zerbait konplexu bihurtzen aritzea.

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días