AECC Gipuzkoak erretzeari uzteko online tailerra jarri du martxan

Guipúzcoa - 25/01/2021

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak datorren astean erretzeari utzi nahi dioten pertsonentzako tailerra jarriko du martxan. Online egingo den 8 asteko ikastaro hau doakoa da, eta erretzeari uzten esperientzia duen elkarteko psikologo batek emango du. Aukera hori lehendik dagoenari gehitzen zaio, tailer hau modu presentzialean (bakarka edo taldeka) egin baitaiteke Gipuzkoako elkartearen sei egoitzetan (Donostia, Irun, Tolosa, Eibar, Zarautz eta Zumarraga).

Jarduera honen bidez, laguntza berezia eta profesionala eskaintzen da erretzeari uzteko erronkari aurre egiteko. Ekimen hori, orain, telematikoki ere garatzen da, interesdun guztiei sarbidea errazteko. Otsailaren 3an hasiko da eta hurrengo asteazkenetan martxoaren 31 arte ordu eta erdiko saioak izango dira. Bi ordutegi daude aukeran: goizez, 11:30etatik 13:00etara, Laura Mongelosek emango du, eta arratsaldez, 17:00etatik 18:30etara, Maider Sierrak. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 943 45 77 22 telefonoan edo gipuzkoa@contraelcancer.es posta elektronikoan. . Bestalde, www.contraelcancer.es/tabakoari-agur web orria prestatu da erretzeari uzteko ekimen honetan parte hartzeko moduak azaltzeko.

Gipuzkoan 25 urtetik gorako esperientzia duen AECCren tabakoa erretzeari uzteko programak %60ko arrakasta-tasa du; beraz, tailerrera joaten diren hamar pertsonatik seik behin betiko uzten dute tabakoa. Saioetan, erabiltzaileak tabako-kontsumoa pixkanaka murrizten du erabat utzi arte, abstinentzia-sindromea kontrolatzeko tresnei eta etorkizunean berriz ez erortzeko autokontrol-teknikei esker.

Gaur egun, herrialde garatuetan, tabakoa da saihets daitekeen lehenengo heriotza-arrazoia, eta 15 minbizi-mota baino gehiagorekin lotuta dago zuzenean. 2020an, AECC Minbiziaren Aurkako Behatokiaren datuen arabera, birikako 480 minbizi-kasu berri atzeman ziren Gipuzkoan, 75 urtetik gorako pertsonetan eragin handiagoa zutenak, 195 kasu diagnostikatu baitzituzten.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días