Erretzeari utzi nahi diozu eta ez dakizu nola?

Álava - 12/06/2026

Minbizia diagnostikatu badizute eta erretzeari utzi nahi badiozu baina ez badakizu nola, Minbiziaren Aurka Araban elkartean lagundu ahal dizugu. Naiara Martínez de Ilarduya psikologoak zuzentzen du tabakoa erretzeari uzteko programa, zeinak taldeko 9 saio eta banakako 3 jarraipen-saio baititu. Saio horietan, tabakoa zure bizitzatik desagerrarazteko jarraibideak jasoko dituzu.

Lehenik eta behin, pertsonak argi eta garbi ikusi behar du hori dela erretzeari uzteko unerik onena. "Banakako elkarrizketa egiten dugu, bizitzako zein unetan dagoen ikusteko eta tabakoarekin duen harremana aztertzeko, eta, balorazioa ona bada, talde-programan parte har dezake", azaldu du Martínez de Ilarduyak.

Tabakoak eragiten ditu minbizi kasuen %30 baino gehiago. Horrez gain, ondorio kaltegarria izaten jarraitzen du diagnostikoan eta hura jaso ostean: eragin negatiboa du tumorearen bilakaeran, tratamenduarekiko erantzunean, kirurgia osteko suspertzean eta biziraupenean. Horregatik da hain garrantzitsua erretzeari uztea, pazientearen bizi-kalitatea hobetuko du eta.

Elkartean 8 pertsonako talde txikietan lan egiten da, oso modu pertsonalizatuan. Aurrez aurreko 9 saio eta jarraipeneko 3 saio telematiko egiten dira. “Gure egitekoa da erretzeari uzteko motibazioa sustatzea eta zigarroak kontsumitzearekin lotutako uneak ezagutzea, erretzeko gogo horri aurre egiteko estrategiak lantzeko. Talde-lana izan arren, prozesua oso indibidualizatua da, parte-hartzaile bakoitzaren beharrak ardatz”, dio Minbiziaren Aurka Araban elkarteko psikologoak.

Berriz erretzen hastea prebenitzea

Gainera, minbizia duten eta erretzen duten pertsonen kasuan, gaixotasunaren berezko ondoeza eta ziurgabetasuna erretzeari uzteko prozesuaren emozioekin uztartzen dira —hala nola suminkorrago egoteko kezka, berriz erretzen hastearena eta loditzeko beldurra—. “Emozioak asko lantzen ditugu, errua besteak beste, oso presente baitago bi prozesuetan. Helburua da konfiantza irabaztea eta tabakorik gabe bizitzen ikastea”, erantsi du Martinez de Ilarduyak.

Pixkanaka, beldurra atzean utzi eta konfiantza irabazten da. Pertsona hobeto sentitzen hasten da, eta zigarroen kontsumoa egoera pertsonal edo sozialekin lotzeari uzten dio.

Erretzeari uzten zaion lehen unetik bertatik, tabakoa uztearen onurak nabaritzen dira. 20 minutura presioa eta pultsua balio normaletara itzultzen dira. Lehen egunean, karbono monoxidoa odoletik ateratzen da, eta birikak zigarroaren hondakinak ezabatzen hasten dira.

Tabakoa erretzeari uzteko prozesuan, ariketa fisikoa oso lagungarria da. Hori dela eta, Minbiziaren Aurka Araban elkarteak prozesuaren diziplina anitzeko ikuspegia eskaintzen du, eta aukera ematen dio pazienteari erretzeari uzteko ikastaroa ariketa fisiko onkologikoarekin eta beste zerbitzu batzuekin uztartzeko, hala nola nutrizio-prestakuntzarekin eta -aholkularitzarekin.

Paziente onkologikoa bazara, eta erretzeari uztea erabaki baduzu, jarri gurekin harremanetan 900 100 036 telefonoan edo alava@contraelcancer.es helbidean.

 

 

 

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días