MINBIZIAREN AURREAN ETA MINBIZIATIK HARATAGO
Garai hauetan, eta bizitzea tokatu zaigun honetan, mundu garatuan guztia orden baten menpe egon behar duela ulertzen dugu, ekonomia zein osasunaren aldetik. Naturak, ordea, modu gordinean eta maiztasunez gure bizimoduaren ahulezia erakusten digu. Guztiok berdinak garela erakusteaz gain , egoera kaotikoei aurre egiteko prestatuta ez gaudela ere jakinarazten digu. Eta egoera zail askori aurre egiteko ongizatera eta baliabideetara ohituta, zaila egiten zaigu onartzea mundu garatu honek pandemia izan dezakeela, eta, gainera, oraindik ez dugula erantzun ez berehalakorik ez fidagarririk.
Birus soil bat, gizarte, ekonomia, teknologia eta zientziaren ongizatearen eraikin osoa auzitan jartzeko gai da. Eraikin horretan pertsona guztiek ez dute lekurik izan, neurri handi batean, ez diegulako bertara sartzen utzi. Eta orain, eraikin honen ahultasunaren ohartze horretan, denok larrituta sentitzen gara. Ondorio sanitarioa, eta espero ez den krisi sozial eta ekonomikoa jasoko dugu,eta behartsuei are gehiago eragingo diena. Ez da harritzekoa, beraz, pandemia hori hausnarketa sozial sakonaren aitzindari izan daitekeela eta izan behar duela uste duten ahots kualifikatuak sortzea.
Ingurune horretan sentitzen du AECCk bere konpromiso soziala, minbiziko gaixo eta senideei ez ezik, minbizitik haratago ere zabaltzeko beharra. AECC Gipuzkoak, duela 32 urtetik eta 13.000 bazkide eta boluntario baino gehiagorekin, ingurune soziosanitario batean jarduten du. Ingurune hori oso ezaguna da guretzat, eta laguntza sozial, psikologiko eta ekonomikoa eskaintzen die gaixoei eta haien senideei, eta minbiziaren aurkako ikerketa finantzatzen du. Eta hori egiten jarraituko dugu, gure muga logikoen barruan, laguntza eta ekonomia baliabideen intentsitate eta zabaltasun handiagoarekin. Koronabirusaren ondorioz, bikoiztuta ikusi ditugu esku-hartze sozialak eta saio psikologikoak (bostehun lagunetik gora), eta horrek agerian uzten du egoera horrek zer eragin duen kolektibo zaurgarrietan, gure kasuan bezala. Minbizia, iaz, Gipuzkoako bost mila etxetara iritsi zen, eta gaixotasunaren ondorioz hileroko gastu bereziak egin behar izan dituzte, konfinamendu-egoera eta krisi ekonomiko honetan ahalegin handiagoa egin beharko baitute.
Gainera, uste dugu, COVID 19k Gipuzkoako gizartean dituen ondorioak ezagututa —minbiziarekin bat datozen edo aldi berean gertatzen diren alderdi batzuei dagokienez—, gaixotasun hori duten edo izan duten paziente eta senideen eskura jarri behar ditugula gure zerbitzu sozial eta psikologikoak. Aliantza bat egin dugu lehen lerroan dauden Gipuzkoako erakunde soziosanitarioekin, indarrak eta baliabideak batzeko. Erantzukizun eta konpromisotik egiten dugu, osasun eta gizarte izaerako elkarte gisa.
Gipuzkoan osasun-arriskuan dagoen biztanleria horretan larrialdi sozioekonomikoaren egoerari aurre egiten laguntzeko, Elkartearekin lankidetzan diharduten aholkularitza onartuen laguntza eskuzabala dugu, alderdi juridiko, laboral eta ekonomikoetan eragindako pertsonei edo familiei laguntzeko. Gainera, AECCn funts bat sortu dugu, hasierako ekarpen garrantzitsu batekin, premiazko beharrei unean uneko laguntza ekonomikoak eskaintzeko. Gipuzkoako finantza-erakundeen, erakunde publiko eta pribatuen eta enpresen ekarpenetara irekita dagoen funts solidarioa.
Azkenik, AECC Gipuzkoak bere esker ona adierazi nahi die COVID 19ko gaixoei laguntzen dien osasun-taldeko maila guztiei, batzuetan berekoekin bat ez datozen espezialitateetatik, kasu batzuetan baliabide eta espazio mugatuekin, baina betiere profesionaltasun, dedikazio eta sakrifizio pertsonal eta familiarrarekin.
Juan Ormazabal, AECC Gipuzkoa Minbiziaren Aurkako Elkartearen presidentea.