AECCk garuneko tumoreen ebakuntzen ondoren adimena kaltetzea eragozteko proiektu bat finantzatu du

Guipúzcoa - 14/12/2020
  • BCBLk datozen hiru urteetan 300.000 euro jasoko ditu proiektu hau ikertzeko.
  • Maila baxuko gliomagatik egindako ebakuntzaren ondorengo berreskurapen kognitiboa aurreikusteko gai izango den eredu bat sortu nahi da.
  • Osotara 380 proiektutan 70 milioi euro baino gehiago gastatzen ditu AECCk, eta beraz, bera da minbizia ikertzera funts gehien zuzentzen dituen entitate sozial eta pribatua.

AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak 300.000 euro bideratuko ditu datozen hiru urtetan garuneko tumore baten eraginez ebakuntza egin dieten pazienteen kalte kognitiboak ekiditeko ikerkuntza-proiektu batera. BCBLk (Basque Center on Cognition, Brain and Language) garatu duen proiektu horren helburua ebakuntzaren aurretik, ebakuntzan zehar eta ondoren pazienteen jarraipen kognitiboa hobetzea eta ebakuntzaren ondoren garunaren funtzioetako arazoen arriskua gutxitzeko aukera ematen duten aurreikuspenak egiteko gai diren ereduak sortzea da.

EAEko ikerkuntza-zentroak garatutako proiektu honek maila baxuko gliomak ikertzen ditu. Gliomak tumoreak dira, eta garaiz eteten ez badira, tumore gaizto bihurtzeko probabilitate handia dute. Era horretako patologietan, pazienteari ebakuntza egiteko erabiltzen den prozedura estandarra «pazientea esna» izeneko kirurgia mota da. Kirurgia mota horretan, pazientea ebakuntza martxan den bitartean esnarazten da zeregin jakin bat egin dezan zirujauak garunaren inguruko hainbat gune estimulatzen dizkion bitartean; hala, estimulatzen dituen bitartean pazienteak akatsak egiten ote dituen aztertu nahi da. Zeregin horietan, normalean, objektuak eta ekintzak identifikatu eta izendatu behar izaten dituzte. Horrek neurokirurgialariari ebakuntzaren jo-puntua den ehuna kaltetzen ari ote den egiaztatzeko aukera ematen dio, eta ehun hori ez erauztea erabaki dezake, onkologia-pazienteari ebakuntzaren ondorio kognitiboak ekiditeko.

Operazioaren aurretik, operazioan zehar eta haren ondoren pazientearen funtzio kognitiboen (hizkuntza, memoria, funtzio exekutiboak, arreta, etab.) jarraipen eta ebaluazioak aukera ematen die neurokirurgialariei gliomak erasandako ehunen erauzketak irismen handiagoa izan dezan, eta era berean, operazio ondorengo arazo kognitiboen arriskua gutxitzea dakar.

Ikerketa-proiektu honek bi helburu ditu. Batetik, ikertzaileek kirurgia-protokolo mota horretan sakondu eta hura hobetu nahi dute hainbat prozesu kognitibotarako. Bestetik, aurretiazko erregistroetatik abiatuta (jokabiderenak edo neuroirudiak) eta gero horiei pazientearen gaitasun kognitiboa aurreikusten laguntzen duen ikaskuntzako algoritmo konplexu bat aplikatuta, ebakuntzaren emaitza aurreikustea lortu nahi da.

Manuel Carreiras proiektuaren zuzendariaren hitzetan, «bi erronka handi ditugu aurrean: pazientearen bizi-kalitatea hobetzea eta prozesu kognitiboak eragiten dituzten garunaren zirkuituak ulertzea. Horrek guztiak esna dagoen pazientearen ebakuntzan parte hartzen duen lantaldearen kohesioa handitzeko aukera emango du».

70 millioi 380 proiektutan.

Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (AECC) minbiziaren aurkako borrokan erreferentziazko entitatea da duela 67 urtetik. Espainian minbiziak duen errealitatea erakusten, hobekuntza-arloak detektatzen eta horiek zuzentzeko aukera ematen duen gizarte-eraldaketarako prozesu bat abiarazten jarduten da, hala minbiziari aurre egiteko modu integral eta diziplina anitzeko bat topatzeko. Pertsonen aldamenean egotea elkartearen DNAn sartzen denez, beste zeregin batzuetan ere jarduten da: minbiziaren prebentzioan laguntzen du, minbizia diagnostikatuz gero gaixotasunaren prozesu osoan gaixoekin eta senideekin egoten da eta onkologia-ikerketa sustatuta gaixoon etorkizuna hobetzen ahalegintzen da. Zentzu horretan, Zientzia Fundazioaren bidez, AECCk minbiziaren aurkako ikerketa soziala bateratzen du lehiaketa publiko bidez kalitatezko ikerkuntza zientifiko-onkologikorako programak finantzatuz. Gaur egun, minbiziaren ikerkuntzara funts gehien bideratzen dituen entitate sozial eta pribatua da: 70 milioi euro bideratzen ditu 1.000 ikertzailetik gorak parte hartzen duten 380 proiektutara.

Elkarteak pazienteak, senideak, boluntarioak eta profesionalak barne hartzen ditu; horiek guztiek modu bateratuan jarduten dute prebentzioan, sentsibilizazioan, kaltetutako pertsonen laguntzan, eta minbiziaren diagnostiko eta tratamendu hobea egiteko aukera ematen duten ikerkuntza-proiektuak finantzatzen dituzte. 52 probintzia-egoitzatan dago antolatuta, Espainiako 2.000 herri baino gehiagotan dago, ia 30.000 boluntario ditu, 454.000 bazkidetik gora eta 1.007 langile.

2019an zehar, AECCk gaixotasun horrek kaltetutako 318.264 pertsonari eman zien arreta.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días